Bigarren haurtzaro euskaldunak

Dagoeneko estreinaldiaren data hurbiltzen ari da, baina bidaiari beste hilabete falta zaio oraindik. Euskara Munduan dokumentala abenduaren 3an emitituko da ETB1en. Badira bi urte proiektuari hasiera eman niola baina finantziazio iturriak lortzea hain da zaila garai hauetan -inor ez bazara are zailago-, inoiz burutuko ez nuela onartzera ere heldu nintzen. –Pena da – pentsatzen nuen, baina instituzioek honetan sinesten ez badute nekez egingo dut nik nire poltsikotik.


Euskal Herria euskararen herria bada, non geratzen dira gure herriaren mugak? Galdera ona, eta neurri batean, erantzuten saiatuko naizena. Ezinezkoa zela onartu aurretik azken saiakera egin nuen joan den azaroan. Grabatzeari ekin nion Mexiko, Guatemala eta AEBetan, Kalifornian hain zuzen ere. Apustu bat zen. Bakarrik bidaiatuta kalitate onargarria duen zerbait egin ote daiteke? Badirudi baietz. Eta azkenean, konturatzerako, lortu. 12 herrialde zeharkatuko ditut, mundu osoan sakabanatuta ditugun hainbat euskal hiztunen lekukotzak jasotzeko. Erakutsi nahi dut euren hizkuntzarekiko harremana zein den, nolakoa den euren bizimodua gure mugetatik urrun, zerk bultzatu zituen atzerrian bizitzera eta era berean, hizkuntzak nola lotzen dituen etxera. 700.000 hiztun omen gara. Ba al da hain hizkuntza txikirik 5 kontinentetan eta ia 50 herrialdetan presentzia duena?


Emaitza berandu baino lehen ikusgai izango da eta ni bitartean gelditu gabe nabil txokoz txoko. Badira egun pare bat Indiako Surat hirira heldu eta bertako bi gizon zain nituela. Kartelean “IÑIGO ONGI ETORRI” irakurri eta ia salto egin nuen pozaren pozez. Etxetik urrun norberaren hizkuntza gehiago eskertzen da. Baloratzen da. Tira, hori kontatu nahi eta Indiara iritsi behar izan nuen konturatu ahal izateko. Ulergarria da. Nire bertako elkarrizketatuak, Ignacio Galdosek, bere emailetan gogo hori ere agerian utzi zuen. Eta noski, bere hizkuntzari buruzko lekukotza ematera zetorrenari, euskaraz eman behar ongietorria.


Aberasgarria izaten ari da oso. 84 urte ditu, nire amonak egun izango zukeen adinetik gertu. Ziurrenik amonaren eragina, bera eta ni neu ere konturatu gabe, indartsua izan zen egitasmo honi hasera ematean. Eta gaur Iñaki –berak kontatzen du Franco heldu arte bere izena Iñaki zela eta ez Ignacio- aitona modukoa da. Atzo kontatu zidan, eskaileretan gora eskutik helduta laguntzen ari nintzaiola, umetatik eskaileretan zenbatu egiten duela. Amak hala egiten zuela bera ume zenean eta ez duela inoiz hori galdu. Ama etengabe omen du ahoan. Beldurra edo kezka duenean, -ama!! – datorkiola ahora. -Bigarren haurtzaro batean bizi naiz –dio berak. Eta haurtzaroek ama gertu behar dutela uste du. Gizon maitatua da oso Indian. Euskaldun misiolarien lana ikaragarria izan da munduan. Beraiek ondo dakite, eta beren laguntza jaso dutenek ere bai, noski.


Adivasi komunitateekin bizi da hemen. 60 urtetik gora daramatza Indian eta gaur bertan erakutsi dit Adivasi kulturari buruz azken 25 urtetan sortu duen museoa. Aipatu dit duela bost bat mende guda bat jasan zutela. Hura galdu arren euren kulturari, hizkuntzari eta nortasunari heldu diote neurri batean. Ez da gutxi. Baina hainbat tresna, artelan, txotxongilo eta bestelakoak han bakarrik aurki daitezke, bere museoan.


Atzo afalostean Aita Galdosek kontatu zidan beraiek euskaraz ikasi zutela, umetan, Franco heldu zen arte. Handik aurrera akabo. Baina ez Francok, ez eta Indian pasa dituen 6 hamarkadek, ez diote orain faltan sumatzen duen amaren oparirik handienetakoa ostu; hizkuntza. Eta ez dakizue zein pozgarria den Adivasi kultura, Indiako Gujarat eskualdeko komunitate txiki honen edertasuna, euskaraz ezagutzeko aukera izatea. Gauza txikia da, Mundu handi honetan, gauza handia era berean, gure txikitasunean.

ONGIETORRI.jpeg

Azken sarrerak
Artxiboak
Etiketak
Jarrai gaitzazu
  • Facebook negro redondo
  • Vimeo Ronda Negro

Euskara Munduan     ·      euskaramunduan@gmail.com